XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SARRERA Gorago esan denez ondoko ekinaldietarako aurrelana izan zen, nagusiki, Belokeko jardunaldian aurkeztu eta landuriko materiala.

Elkarte-mota bakoitzaren zer-nolakoez ez zen ekinaldi hartan, asmoa ere besterik zenez, aipamen zehatz handirik egin.

Alde horretatik Plentziako jardunaldietan eman dio LEF Batzordeak, ondoko bizpahiru urtetan egin gogo duenaren erakuskari, hitz elkartuen banan banako azterketari hasiera.

Belokeko erizpide-sortan eta sailkapen-saioan oinarrituz, eta adibidetegiak eskaintzen duen informazioa kontuan izanik, 18 elkarte-motetarik bost landu dira bertan: Beloken erabaki bezala ustez erosoenak gerta zitezkeen bostak, hain zuzen; hots, sailkapen-zerrendako XIII, XIV, XV, XVI eta XVII.ak.

Elkarte-mota horietariko bakoitzaz atal bana eskaintzen da ondoren.

Plentziako jardunaldietara talde eragileak gai horietaz aurkezturiko txostenak dira, funtsean, hemengo material hauek (1) Salbuespen bakarra XIII. elkarte-motaren (bikoiztapenen) bigarren zatia da: Plentzian ezin aurkeztu izan zen material hori; eta ondoren, bertako hainbat erizpide Talde eragilean galbahetu ondoren, prestatu da bikoiztapenaren atala osorik eman ahal izateko: bertan jasotako beste hainbat ohar, ahozko zein idatzizko (2) idatzizkoetan bereziki aipatzea merezi dute, alde horretatik, ondoko txosten hauek: - A. Irigoienen " hitz elkarketaz " izenburukoa: geminatu semantikoak (hemengo terminologian tautologiazko dvandvak) eta Peru Abarka elkarte-mota lantzen dira, batez ere, txosten horretan. Bigarren idazkuntza osatu eta egina ere du, Plentziaz geroztik, egileak. - T. Uribe-etxebarriaren idazkia, sinbolismo fonetiko eta hots-uztarduraz. - L. Otaegik Astaputz moduko hitz-elkarteez aurkeztutakoa., kontuan hartu da noski azken idazkuntza hau prestatzerakoan.

Talde eragileak osorik bere gain hartzen du halere, kargak arintzearren inoren lepotik jardun gabe, ohar-onarpen eta birmoldaketa horretan legokiokeen erantzukizun-ardura.